Abuztuaren 16an, tradizioz, San Roke jaia ospatzen da Bermeon. Historikoki jai garrantzitsua izan da bertako marinelentzat, eta jarduera nagusia Bermeoko Talaian marmitakoa koadrilatan prestatzea da, gure hegaluzearen erabateko protagonismoarekin
Azken urteotan, jai honek indarra eta garrantzia galdu du. Hori dela eta, aurten, Bermeoko Udalak, BTWCren laguntzarekin, jai honek merezi duen indarra eta garrantzia berreskuratzea izan du helburu, bertako arrantzaleak omendu eta denboraldi betean hegaluzeari balioa emanez.
Horrela, joan den abuztuaren 16an hainbat jarduera antolatu ziren, baita “berreskuratu beharreko jai honen” dinamizazio eta komunikaziorako ekimenak eta materialak ere. Horietan aktiboki parte hartu genuen BTWC Elkarteak eta Bermeoko Udalak elkarlanean.
- Txikigune bat ere izan zen , txikienek puzgarriez eta “pintakara”z goza zezaten, eta, gainera, itsasoarekin, arrantzarekin eta itsas ekosistemekin lotutako marrazkiak margotzen. Baita gure arrantzaleek erabiltzen dituzten tunidoen eta arrantza-aparailuen espezieak ikasten gozatu zuten. Material horiek guztiak, Marine Stewardship Council (MSC) erakundearen lankidetzari esker izan genituen. Hau, irabazi asmorik gabeko erakundea da, arrantza jasangarria sustatzea eta itsas baliabideak zaintzea helburu duena. Gainera, BTWCko elkartekidea ere bada.
Egun honetan zerbait falta ez bada, marmitakoa da. Eta zerekin? Gure hegaluzearekin, #EtxekoAtuna. Ez zen falta izan nor garen, nondik gatozen, zer eta nola arrantzatzen dugun eta zer jaten dugun gogoratzeko materialik. Baina, jakina, gure produktu izarraren kalitatea eta iraunkortasuna aldarrikatuz, arte tradizionalekin arrantzatutakoa, eta gure baxurako ontzidiko arrantzaleen ardurarekin, espeziea, itsasoak eta ekosistemak zaintzeaz gain, itsasoan lan egiten eta bizi diren pertsonak ere zainduz.
Leave a Reply